2.000 gaztek baino gehiagok aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrean zaintza eredua eraldatzeko proposamenak
Eusko Legebiltzarrak joan den maiatzaren 4an, astelehenean, hartu zuen Gurea Geroa ekimenak bultzatutako parte-hartze prozesuaren emaitzen aurkezpena. Prozesu horretan 2.000 gaztek baino gehiagok hausnartu dute Euskadiko zaintzen orainaz eta etorkizunaz.
Prozesuan 2.281 gaztek hartu dute parte. Galdetegia erantzun ondoren, horietako batzuek aurrez aurreko hiru saiotan lan egin dute proposamenak lantzeko, ondoren ordezkari politiko eta instituzionalei helarazi zaizkienak.
Emaitzek erakusten dute zaintzak errealitate zabala direla: inkestatutako pertsonen %66,7k adierazi du gaur egun zaintza-lanak bere gain hartzen dituela. Hala ere, ardura hori modu desorekatuan banatzen da oraindik: emakumeen %70ek hartzen ditu zaintza-lanak bere gain, gizonen %40ra iritsi gabe.
Txostenak, halaber, zaintzaren kostu pertsonal handia agerian uzten du: zaintzaile diren pertsonen %60k baino gehiagok atseden-denbora murriztuta ikusten du, erdiak baino gehiagok aisialdia, eta %51k bere ongizatea. Gainera, %85,9k bere denbora hobeto orekatu nahiko luke.
Laguntza faltak egoera areagotzen du: %77,1ek familiara jotzen du nagusiki, eta ia %15ek ez du inor bere ordez aritzeko. Egoera hori are nabarmenagoa da testuinguru zaurgarrietan.
Gainera, aldaketaren beharraren inguruko adostasun zabala dago: %73,5ek uste du zaintzetarako sarbidea oinarrizko eskubidea izan behar dela, eta %80k baino gehiagok aitortza eta duintasuna bermatuko dituzten politika publikoen alde egiten du.
Gazteek egindako proposamenen artean nabarmentzen dira laguntza ekonomikoak indartzea, zerbitzu publikoak zabaltzea, komunitate-sareak sortzea, kontziliazioa hobetzea eta zaintza lan gisa aitortzea, eskubideekin.
Ekitaldian, Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Bakartxo Tejeriak, azpimarratu zuen “zaintza ongizate komunaren parte dela” eta gizarte osoaren inplikazioaren garrantzia nabarmendu zuen haren eraldaketan.
Proiektua Osoigok bultzatu du, LABORAL Kutxaren babesarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Francisco de Vitoria BHIren laguntzarekin.
Txosten osoa gureageroa.eus plataforman dago eskuragarri.